Pertsona bakoitzak mundua aldatzeko era bat duela sinesten dut, eta nirea amatasunak aldatzea da.
Algaraka barre egingo nuke orain urte batzuk amatasuna nire pasioa izango zela esan izan balidate. Orain ni amatasunaz urruntzen saiatuko bazina, nire IZATEAren zati bat galduko nuke.
Tzaitel Aldasoro Bengoa dut izena, emakumea, alaba, alaba eta seme baten ama naiz haurdunaldiko bidelaguna izateaz gain.
Haurdunaldia bilatzen hasten diren unetik haurrak 18 hilabete dituenera arte familiei akonpainamendua eskaintzen diet. Familiei aholkularitza eskaintzen eta egunero formatzen daramatzat 5 urte.
Amatasunaren bidelagun izatera ama bezala nik bizitakoaren bidez heldu nintzen, jendartean ahazturik dagoen gai garrantzitsua iruditzen baizait amatasuna.
Familiek, eta batez ere amek babes sarea, entzutea eta informazio egiaztatua behar dute.
Arlo honetan gabezia handia duen jendartean bizi gara.
Nire bokazioak prozesu honetan bidelagun izatera narama tailer, hitzaldi eta aholkularitza pertsonalizatu desberdinen bidez.

Azken urteetan pertsona zein profesional gisa garapen bat bizi izan dut (eta garatzen jarraitzea espero dut zinez), baina, gaur egun, nire lanaren oinarria hau dela esan dezaket.
Nire 10 mandamentuak:
- Zintzotasuna da harreman pertsonal eta profesional ororen oinarria.
- Formazio jarraian egotea formatzaile onenen eskutik.
- Profesional ona izateko ezinbestekoa da hazkuntza pertsonala.
- Mundu hobe batekiko maitasuna da nire urrats guztietarako ardatz onena.
- Natura ulertzea amatasuna bezain naturala dena ulertu ahal izateko.
- Gai bakoitza nire buruak uzten didan ikuspegi guztietatik begiratzea.
- Begiekin begiratzea, belarriekin entzutea eta bihotzarekin sentitzea ahoarekin erantzun aurretik.
- Nire limiteak ezagutzea deribatzeko beste aukera batzuk bilatu ahal izateko.
- Nire sinesmenekin bat egiten ez duen inongo profesionalekin lanik ez egitea.
- Nire poza, bat-batekotasuna eta irribarrea egunero bidelagun izan ditzadala.